Hiru Haundiak 2021, kronika; sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat


Ohitura bat daukat. Superstizio moduko bat. Sekula ez dut janzten lasterketa bateko kamiseta proba amaitu arte.

Lerro hauek idazten nabilen bitartean soinean daramat larunbatean amaitutako Hiru Haundietako kamiseta.

Urduri nengoen probaren aurretik. Apenas egin nuen lorik bezperan eta siesta egiterik ez nuen lortu. Alabengana joan nintzen parkera. Hobeto nengoen beste guraso lagunekin hitz egiten.

Afaldu, dena prestatu eta aitak Murgiara eraman ninduen. Jada ez nengoen urduri, nahiz eta demaseko hotzarekin dardarka jardun. Irteerako parafernaliarekin kunplitu eta abiatu ginen behingoan.

Gorbean gora gindoazela arropa soberan neukan jada. Inbertsio termikoa. Goian epelago behean baino. Erraz nindoan, azkar igo nintzen. Tontorrean igoera markatu nuen Mendiak aplikazioan eta behera. Halako gauzekin denbora apur bat «galtzea» zoragarria iruditzen zait, buruak arnas pixka bat hartzeko aitzakiak.

Zeinen lehor zegoen Gorbea hasierako jaitsiera malkartsua. Orkatila bihurritu nuen pausu tonto bat ematean. Hasierako mina berehala pasa zen mugimenduak sortutako beroak lagunduta.

Di-da iritsi nintzen Ubideara, anoa postuan ura azkar-azkar hartu eta aurrera.

Berehala heldu nintzen Otxandiora. Aurreikusitakoa baino ordubete lehenago. Jan-edana geneukan bertan. Jaten ari nintzela beste korrikalari eibartar batzuk ikusi eta «zer egiten duzue hemen?» bota nien. Gaizki sonatu zuen esandakoak, baina lagun hauek oso azkarrak dira eta harritu nintzen elkar ikusteaz. Ondorioa garbia zen: azkarregi nindoan. Kontuz, gero ordaindu nezakeen eta, asko falta zen, 28 km egin berri, beste 73 aurretik.

WhatsAppez abisua pasa nuen Urkiolarakoa hartu nuenean, ordura arte baino patxada gehiagoz. Urkiola pasa, mezua WhatsAppez bidal eta Miren lagunak erantzuna «hemen gaude!». Buelta eman eta beherantz jatsi nintzen. Hori ilusioa Miren, Vero eta Julen ikustean! Goizeko bostetan bertan egotea ere! Anboto kontuz-kontuz jaitsi ostean han zeuden berriz, gurinezko bollo goxo-goxo eta guzti. Rediola, ze ondo!

Ondoren Orixol aldera. Akordatzen nintzen 2010ean zeinen gaizki pasa nuen han eta soseguz nindoan. Igoera neketsua da, baso ederrean zehar. Gauean halako basoetan ibiltzea magikoa da. Ondo markatua zegoen bidea eta inguruan beste korrikalaririk eraman ez arren lasai zoaz.

Krutzeta pasa, Jarindo igo eta Landara bidean hara non etorri ziren Mikel, Ion eta lagunak. Joe, hauek ikusteak ere demaseko poza eman zidan. Gertu geneukan jada Landa, nahiz eta «gertu dago» esamoldeak zentzua galtzen duen Hiru Haundiak proban.

Ai, eta Landan, zeinen ondo alabak, Maria eta gurasoak besarkatuta. Zelako indarra ematen duen ingurukoen babesak. Lasai-lasai anoa postuan sartu, arropa aldatu, makarroi mordoa jan eta arnasa hartu. Denboraz ikaragarri ondo nindoan. Aurreikusi baino bi ordu pasa aurrerago.

Ondo bidean segurua zen helduko nintzela helmugara, hanka ez sartzea zen helburua.

GPS erlojuari lehenago amaitu zitzaizkion pilak niri baino. Utziko didazue harrokeriarik gabeko txiste hau egiten 😉 Badaezpada powerbank bat neraman eta harekin biziberritu zen.

Landa osteko ibilbideak ez dauka misteriorik… Elgeako haize-errotetara heldu arte. Behe-lainoa eta haizea geneukan, eta horrek akaso errazagoa egin zuen bertatik pasatzea, ez genuelako errota-lerro osoa ikusten.

78 errota dira. Erdia berehala pasa izana iruditu zitzaidan. Beste erdia nekezagoa izan zen. Amaieran Landan amak emandako patata tortilla bokata jaten hasi nintzen. Ona zegoen baina kosta zitzaidan amaitzea, handi xamarra zen eta.

Errotak amaitzean Urbiara berehalakoan helduko ginelakoan… putza! Igoera txiki tente batzuk daude, apurka-apurka nekatzen joateko.

80. kilometrora arte ondo xamar joan nintzen, hortik aurrera hasi ziren lanak. Baina iritsi ginen Urbiara. Arbelarren Luisek animoak eman zizkidan anoa postuan, eta Aizkorrira. Patxadaz igo nintzen mendi kuttunera, helburu bakarra helmugara osorik iristea zen. Behe-lainoak su-eten txiki bat eman zuen tontorrean eta amaren jaiotetxea ikusi ahal izan nuen. 

Ze poza tontorrean. Baina banekien jaitsiera luzea egiten zela. Lasai hartu nuen eta heldu nintzen helmugara. Iban lagunak eman zidan ongietorria Araian 101 kilometroren ostean. Helmugara konpainia ederrean sartu nintzen. Babestuta.

Zeinen ederra izan zen. Arantza bat kendu dut, behingoan. Biba gu!


2 respuestas a “Hiru Haundiak 2021, kronika; sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat”

  1. Aupa Mikel!
    Zorionak motel! adi-adi jarraitu ditut lasterketaren bezperan bota dituzun mezu guztiak. Asteburu honetan buruan izan zaitut… amaitu ote du Mikelek karrera ditxosoa?
    Azken mezu hau irakurtzean, kriston poza hartu dut. Bejondeizula!

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *