Kosta zait ba zortzigarren etapari buruzko laburpen hau osatzea. Urtarrilaren 22an, ostiralean, iragarri zuten ezingo genuela gure herritik irten denboraldi batean, covid-19 izurritea geratzeko edo. Mekagoen, eta nik oraindik makina bat herri bisitatzeko Gipuzkoa herriz herri ekimenean!
Larunbatean agendak ez zuenez aukerarik ematen, igandean izan beharko zuen. Eguraldiaren iragarpenak zioen hamarretatik aurrera ateri egongo zela bizpahiru orduz. Horregatik, semaforoa gorrian ez zeukaten Debagoieneko herri batzuek bisitatzeko ibilbidea egitea erabaki nuen.
Zirimiripean ekin nion ibilbideari, etxetik irteten, eta Maltzagara iristean Deba ibaian gorako norabidea hartuz. Geratu ere egin gabe pasa nituen beranduxeago bisitatuko nituen herriak eta Arlaban mendatea igotzera joan nintzen, handik Leintz-Gatzagara jaisteko. Herrian geratu nintzen argazkia atera eta txiokatzeko eta orduan jabetu nintzen blai-blai eginda nindoala eta hotza egiten zuela. Eskularruak kendu eta berriz jartzea majo kosta zitzaidan. Baina errutinazko mugimendua izan zen Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Arrasaten.
Hoztuta nengoen eta etxera iristeko biderik motzena hartu nuen, berriz Deba ibaian behera hartuz Maltzagako bidegurutzeraino.
Herritik ezin ateratzearen neurriak goibeldu ninduen ostiralean. Eta ez hainbeste egitasmoa aldi baterako gelditzen duelako, egoera dagoen moduan hirugarren mailako zerbait da, noski. Baina ia urtebetean ezer hobetu ez izanaren sentsazioa tristea da.
Tira, ea egoera hobetzen doan eta laster berrekin dezakedan falta denarekin. Buruan nituen 12 etapetatik 8 eginda ditut jada. Hauek falta dira:
- Tolosa eta inguruko hainbat herri.
- Goierriko etapa.
- Oñatin hasi eta amaitu den itzulia.
- Azken etapa, Eibar – Arrate – Eibar.
Urtarrilean amaitzea espero nuen, ea otsailean zehar amaitu dezakedan. Luzapena barkatuko didazuelakoan nago, espero.
Erronka luzatzera doala ikusita, arropa erosteko aukera luzatuko dut baita ere. 10.000 eurotik gora goaz jada, ez sinestekoa. Eskerrik asko guztioi, bihotzez.
Pasa den igandeko etapa hasi nuena baino alaiago amaitu nuen, hotzak ere ez zidan irribarrerik kendu. Ea laster irten daitekeen herritik. Badaezpada ere, azken aukera aprobetxatuz itsasoari ‘gero arte’ esatera joan ginen arratsalde hartan Mutrikura.
Zaindu zaitezte. Besarkada bat!