Gaurko asmoa zen Tolosan kotxea laga eta iparraldera dituen herriak zeharkatzea: Anoeta, Villabona, Irura, … Baina atzo ikusi nuenean zerrenda horretako hiru herri itxita zeudela koronabirusa dela eta, planak aldatzea derrigorrezkoa iruditu zitzaidan.
Horrela, Alegian kotxea utzi eta Altzorantz igotzen hasi dut goiza. Goiz freskoa. Erreka-zuloetan hotza egiten zuen, Lizartzara jaistean konprobatu ahal izan dudan moduan. Eskertu dut Orexan gora eguzkiaren epeltasuna.
Aldapa polita Lizartzatik Orexara dagoena. Egunen batean ulertuko dut zergatik gozatzen dudan hainbeste igoeretan,goranzko sufrikario horrekin.
Etorritako bidetik jaitsi, Lizartzako freskuraz ihesi, Altzorantz igo naiz berriz, Tolosatik ez pasatzearren. Jaitsi eta Amezketarako norabidea hartu dut, Txindokiren zaintzapean.
Abaltzisketarako igoeran egin dugu topo lehen aldiz Dabid eta biok gaurkoan. Argazkilari profesionala da Dabid, eta gaur zeukan modelo eskaxarekin lorturiko emaitzak argi erakusten du bere abilidadea. Eskerrik asko, Dabid!
Abaltzisketa – Larraitz – Orendain – Ikaztegieta – Baliarrain – Legorreta – Alegia. Horiexek etaparen hondarrean bisitatu ditudan herriak. Hitzak soberan daude, gozatu Tolosaldeko inguru eder horretan Dabidek ateratako argazkiekin: