Lehen bi etapak


Hasi da abentura, eta ibilbidearen lehen bi etapak eginda daude jada:

Lehen etapa:

Larunbatean hasi nuen nire «Gipuzkoa herriz herri» bidaia. Goiz hotza berotzeko balio izan zidan SD Eibarrek egindako bideo hau, betirako gordeko dut behin Ipuruako futbol-zelaian bizikletan ibili nintzela, eskerrik asko, Unai!

Aldapan behera hastea errazegia izango zenez, aldapan gora ekin nion. Ulertzen zaila izango da batzuentzat, baina niri igotzea gustatzen zait, arnasa estu eramatea ahalegin betean nabilela. Gainera, bidean Kere bezalako lagunak aurkituta, nekea berehala ahazten da!

Karabieta igo ostean kilometro inguruko jaitsierara dago Elgeta, ibilbideko lehen herria! Argazkia atera, txiokatu eta aldapan behera Uberarantz. Jaitsiera azkarrean berehala igartzen hasi nintzen giroaren hotza, nola demontre ez nuen arropa gehiago soinean jarri?!

Uberatik Bergarako saihesbidera, handik Angiozar aldera eta handik Intxortako atera. Ederra Udalaitz zurituaren ikuspegia.

Eguzkiak, eta aldapa gorak, pixka bat epeldu arren, ondo-ondo jantzi nintzen Kanpazar aldera jo aurretik. Kanpazar, Elorregi, Labegaraieta eta Bergarako erdigunea, bigarren herria zakura!

Osintxun barrena berehala iritsi nintzen Soraluzera, bere zubi famatuan argazkia atera eta etxera. Mugakideak ditugun hiru herri. Goiz hotz baina ederra. Ibilbideak ez zuen logika askorik izango, baina helburua ez da soilik izenak ezabatzea, bideaz gozatu nahi dut eta Angiozartik gorako bideak beti merezi du.

Bigarren etapa:

Igandean Debabarreneko gainerako herri gipuzkoarren txanda zen. Ibaian behera jo nuen hego-haizeak bultzatuta Astigarribiaraino eta han Kalbario igoz Mutrikura heldu. Herrigunean sartu aurretik, ordea, Pikupetik Galdonamendirako bidea ezagutu nahi nuen. Joño, aldapa dago han! Mutrikuko plazan argazki normal xamar bat atera ostean, Gari eta Igorrekin are eta ederragoa atera nuen herri sarreran, eskerrik asko, bikote!

Kostaldeko bidetik Debara. Argazkia, txioa, eta Itziar aldera. Hara non herri sarreran Jon zegoen animatzen, kontran jartzen hasia zen haizearen nekeak arindu zizkidan, eskerrik asko, Jon! Lasturrera jaitsi, N634-a hartu eta Mendarora. Bertan zeuden zain Jon, Ainara eta konpainia, gora Mendaro!

Handik Elgoibar aldera, haizea kontra eta nire hankak justu xamar, konbinazio exkaxa. Momentu batez pentsatu nuen akaso eraiki berri duten bidegorritik lasai-lasai joatea, baina nobedadearekin dabilen oinezko aldrarekin hobe beste baterako lagatzea. Nola zailtzen den bizikletan ibiltzea haizea kontra duzunean!

Herrira iristean jota nengoen, baina gustura. Lau herri gehiago zakura. Zazpi daramatzat, hobe ez kontatzea falta direnak, edo bai, bidea bera baita gozatu beharrekoa.

(Mendaroko argazkien egilea: Ainara Argoitia)


2 respuestas a “Lehen bi etapak”

    • Kar, kar, kar, iritsi dadila hori ere bai! Aurrekoan batek esan zidan Euskal Herri osoko herriak bisitatuta zituela, hark bai meritua!

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *