Hirugarren eta laugarren etapak


Hobe da plan bat edukitzea, nahiz eta txarra izan, norabiderik gabe jardutea baino. Horregatik egin nuen ibilbidearen aurreikuspen hau, Ipuruatik hasi eta etapak erlojuaren orratzen zentzua jarraituz egitea, nolabait. Baina, optimistegia izan nintzen eta ez nuen pentsatu Filomena eta konpainia etorriko zirenik dena zuri-zuri utzita. Bi aste pasatxoren ostean atzo egin nuen hirugarren etapa. Gainera, asteartean nire urtebetetzea zenez auto-oparia egin nion nire buruari: egun osoa bizikletan ibiltzeko.

Hirugarren etapa:

Planak aldatu eta Eibartik irten eta Elgoibartik Azkaraterako errepide zaharra hartu nuen. Argazkia ez da ganorazkoa, baina han atzean dago Txindoki!

Azkoitian lehenengo zita inportantea, aspaldi Aritz ikusi gabe! Estimatua zagok bidera irten izana!

Loiolan barrena Azpeitira. Merkadilloa plazan eta ospa Urrestillarantz. Nuarben hasten zen eguneko igoera luzeena Beizama eta, ondoren, Santa Agedara. Beizamara iritsi aurretik elurra zegoen jada, hortik gora errepide bazterrean 20-30 zentimetro bai; eta hotza, hotz handia.

Horregatik tramitea azkar-azkar bete Bidaniko plazan eta Errezilerako bidea hartu nuen Iturburu mendatean barrena. Gauza bakarra neukan buruan, taberna batean sartu eta zerbait beroa hartzea. Horretan guztiz kontzentratuta nindoala ahaztu egin zitzaidan Errezilen bertan argazkia ateratzea eta aldapan behera pailazokeria hau egitea irten zitzaidan.

Hurrengo helmuga Zestoa zen baina bide errazetik jo ordez Etumetatik Aizarnarakoa egitea interesgarriagoa iruditu zitzaidan. Mendate bat gehiago, paraje ederra eta errepidetik bakardade lasaian. Zestoan Josu bokadilo eta guzti agertu zitzaidan.

Horrek eman zidan indarrarekin igo nuen Endoia eta Lastur aldera daraman aldapatzarra; handik N634-a hartu eta etxera. Dopina baino hobea dira halakoak!

Laugarren etapa:

Berez, hirugarren etaparako buruan neukan Endoiatik Azurkira jotzea, igoera ikaragarria osatuz, baina ez nintzen ausartu errepidea nola egongo zen jakin gabe. Eta gaurko etapa markatua neukan ibilbidean Iturrioztik Granada errekan barrena Erdoiztarako bidea egin nahi nuelako. Ezagutzen ez dudan ingurune misteriotsu eta erakargarri bat. Baina lagunek abisatu zidaten hobe zela errepidea lehor zegoela egitea bide hori eta hobe eguna luzatu eta tenperatura suabetzen den sasoietarako uztea.

Kotxean joan naiz Zarautza eta bertako kanpineko bidean joan ostean jaitsi naiz Talaimendiren bestaldera.

Aiako igoera Andatzako bidetik egin dut, aldapa epikoa beste baterako utzita. Zarautza berriz jaitsi, Meaga igo eta Aizarnazabalera bisita.

Ondoren Oikiatik pasata iritsi naiz Zumaiara. Barrenak eskatu dit Udaletxearen inguruan edota Erribera kalean argazkia atetara ordez Itzurunera joateko. Tipikoegia? Akaso. Baina toki gutxi daude horren ederrak, eta aspaldi bertan egon gabea nintzela.

Kostako errepidetik zuzenean Zarautza iritsi ordez Getarian Garate mendatea igo dut, hankei azken astinaldi bat kotxera iritsi aurretik.

Kitto, etapen laurden bat eginda, eta zeinen ederra izaten ari den esperientzia.

Arropa-salmenta

Ez dakit begiratu ote duzun aspaldian arropa-salmentaren orria, 100 pertsona baino gehiagok ia-ia 10.000 euro enkargatu dizkidate, eta horretatik 2.300 euro inguru joango dira Biodonostiara. Ikaragarri pozik nago harrera bero honekin. Biba zuek, eskerrik asko!


2 respuestas a “Hirugarren eta laugarren etapak”

  1. Aupa Mikel! Bejondeizula! Ze pena berandu konturatu izana, gustora jasoko genuen zure bisita gurean. Eutsi horrek eta disfrutatu bideaz. Badakizu non gauden, etorri nahi duzunean bisitan. Bizipoza zabaltzen jarraitu eta hoixe, bizi hemen eta orain😜😜

    • Aupa Ainhoa, aspaldiko! Eskerrik asko hemen idaztearren! Ba egon nintzen pentsatzen San Prudentzio aldera joatea baina … Hurrengorako. Gainera Oierri agindu diot laster itzuliko naizela Getariara eta orduantxe pasako naiz zuenetik, badaukat eta gogoa zuen hotela ezagutzeko! Besarkada haundi bat!

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *