Hamargarren etapa


Patxadaz ekin nion ostegunean egindako etapari. Goierrin nengoen, hainbat senide eta lagunen bizitokia, eta amaren jaiotetxetik pasatzekoa nintzen. Duela 21 urte kotxeko karnetaren azterketa egindako toki berean aparkatu eta hasi nintzen pedalei eragiten, Beasaingo kiroldegian.

Haizea berriz ere hegoaldetik bultzaka. Hasieran lagun izan nuen Ordizia eta Itsasondorantz. Trenbide gainetik eta autobide azpitik pasata igo nintzen Aramara, eta hortik Altzagara. Jon Mikelek galdetu zidan ea Altzagaratera igotzeko asmorik ba ote nuen, Txindokiko ikuspegi ederra dagoelako, baina indarrak neurtu nahi nituenez, hurrengorako uztea erabaki nuen. Pena pixka bat eman zidan, baina hortxe agertu zitzaidan piramide ederra Gaintzatik Larraitz aldera egitean.

Zaldibiara jaistean eguneko lehen geldialdia, bertan egiten duelako lana Oier lagunak. Kafetxoaren ostean udaletxe parean argazkia atera, Twitterren jarri eta hara non datorkigun ezezagun bat agurtzera, Twitterren ikusi berri duelako. Mekagoen, azkar doa mundua, ostegunean ni baino abiadura handiagoan.

Zaldibiatik Lazkaomendira ez dago aldapa luzea, baina bai tentea. Halako malkartsuak eta estuak diren errepideetan beti eduki ohi dut beldur bera: ez dadila goitik behera datorren autorik agertu, nahikoa lan zuzen joateko edota geratuz gero berriz hasteko.

Lazkaomenditik Txindokiko ikuspegi klasiko eta ederra dago, zelai eta ardiz edertua. Lazkaora jaitsiera luzea iruditu zitzaidan, hainbeste igo ote nuen ba? Oier lehengusuarekin zita neukan Ataunen, nahiz eta haizeak bertara iristea majo zaildu zidan.

Alde ederra Lazkaora itzultzean. Hankak berreskuratu nituela pentsatu nuen, tarte labur batez, ze Olaberriko kaskora daraman igoeran niganatu ziren berriz ere nekea eta ezintasuna. Baina, hori poza gora iritsi eta Aizkorriko mendilerroa parez-pare agertu zenean. Idiazabalen sartu-irten azkarraren ostean, Aizkorpeko bailarara jo nuen, txikitan hainbestetan egindako bide beretik. Seguran izeba agurtu nuen, eta Zegaman osaba eta lehengusina.

Zegaman, aitona-amonen baserria ikustera joateko aprobetxatu nuen, nahiz eta jada ez dagoen familian, derrigorrezkotzat daukat begiratua botatzea amaren jaiotetxeari. Hori, eta herri sarrerako katelari argazkia ateratzea, atzean Aizkorri ingurua ageri dela.

Hurrengo geltokia Zerain nuen, baina hasierako plana Barbari igota iristea bazen ere, Seguratik igota iritsi nintzen. Ondoren Mutiloa eta Lierniko igoera. Txo, zeinen luzea egiten zitzaidan txikitan Lierni eta Mutiloa arteko tartean, kilometro bakarra da barren!

Ormaiztegira jaitsi ostean errepide zaharretik iritsi nintzen hasirako tokira. Kitto, hamargarren etapa eginda. Agendan toki berezia markatua nion etapa zen hau, arrazoi nabarmenengatik. Orain bi etapa soilik falta dira, 10 herri. Ea Oñatin laster hobetzen den koronabirusaren egoera eta aurki jaisten den maila gorritik, ederra izango da eta!

Arropa

Ia-ia 12.000 euro saldu ditut arropan, Biodonostiarentzat 2.500 euro baino gehiagoko ekarpenarekin. Biba zuek! Eskerrik asko!

Urtarrilaren erdialdea baino lehenago eskatu bazenuen, martxoaren lehen hamabostaldian iritsiko omen da lehen arropa-sorta. Laster idatziko dizuet.
Urtarrilaren amaieran edo otsailean eskatu bazenuen, laster egingo diot eskaria Orbeari, eta zortzi aste beharko dituzte eskaria prestatu eta bidaltzeko.

Asteazken honetan, martxoaren 3a, data sinbolikoa, izango da azken eguna zerbait eskatzeko. Lagunen bat animatzea nahi baduzu, hauxe da momentua, arropa ederra da eta, baina, noski, zer esango dut ba nik! 😉


Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *