Gaurko eguna opari bat izan da, ikaragarri ederra. Bidelagun jatorrak, toki politak, bazkari mundiala, eguraldiak errespetatu gaitu, … Zer gehiago eskatu nezakeen?
Jai eskatua neukan gaurko baina eguraldiaren iragarpenak euria eta hotza zetozela esanda apur bat kezkatua nengoen? Oñati Irratiko Aratz Losadak esana zidan nirekin nahi zuela etapa egin, eta geratuak geundenez, hitzari eutsi eta Oñatirantz jo dut goizean.
Ateri zegoela ekin diogu Oñatitik Bergararantz, eta handik Antzuolara Ion lankidea agurtzera. Ondoren Deskarga. Txo, zenbat aldiz igo genuen kotxean txikia nintzela Zegamarantz joaten ginenean, eta nola aldatu den autobidea egin dutenetik.
Urretxu eta Zumarraga bisitatu ostean Ezkiora eta Itsasora igo gara. Erralin lagunak Twitterren dioen moduan, epaitegi batek atzera bota zuen duela ez asko bi herri hauen banaketa, baina, aizu, badaezpada bietan egon naiz gaur. Eguraldia errespetatzen ari zitzaigun eta Ezkion eguzkia irten da eta dena.
Gabiriara igo eta ikuspegi ederra zegoen, baina Aizkorri ingurua lainotuta zegoenez, kale, begiratokiaren onena hurrengorako. Polita izan da Gabiriatik irtetean bospasei urteko haur bat txaloka hasi zaigunean, Atagoiti igotzeko indarra eman dit.
Legazpi (barkatu hanka-sartzea, Juan Luis!) bisitatu dugu eta azkar-azkar jo dugu Udana eta Oñatirantz, irratian elkarrizketa zuzenean egin behar genuelako. Herriko plazan egin dugu, zaila hori baino toki ederragoan egitea!
Berez, zerrendako herriak bisitatuak nituen jada, baina, hau nire ibilbidea izanda, nola egin ospa Oñatitik Arantzazura igo gabe? Gainera, ordura arte Aratzek egindako konpainia ona bikaina bilakatu da, Manu Egaña lagun zaharra eta Markel Irizar lagun berria gurekin etorri direlako. Berriketan berehala pasa zait igoera, nolako luxua konpainia horrekin egin izana!
Arantzazun gurasoak ezkondu ziren eta toki seinalatua dugu etxean. Polita izan da bertan egotea. Arropa jarri eta behera. Hortxe egin digu eguneko euri bakarra, nolako zortea izan dugun!
Dutxatu eta bazkaltzera joan naiz bidelagunekin, eta gero kafetxoa Bizipozen, nola ez! Nolako oparia izan den gaurko eguna!
Etapa bakarra geratzen da orain, azkena, Eibarkoa! Ea martxoaren 19, 20 edo 21ean eguraldiak lagundu eta egin dezakedan.
(Argazkien egileak Aratz eta Manu izan dira)