Nire lema ‘hemen eta orain’ den arren, azken egunetan sarri joan zait burua azken etapa nolakoa izango zen pentsatzera. Jo, eta zer esango dut ba, ezin zen hobeto irten. Perfektua izan da.
2019an Zegama-Aizkorri egin nuenean bizitako momenturik politenetakoa izan zen Urbiatik Andraitzerako bidean lagunek eskoltatu nindutenean, to orduko argazkia:
Eta oraingo honetan ere horrela ekin diogu Eibarko Untzaga plazatik gaur goizean:
Ixua igo dugu, handik Aginagara jaitsi, bide beretik Ixuara itzuli eta Arratera heldu gara.
Arraten zerbait hartu dugu Kantabrianean eta herrigunera itzuli gara, kontuz jaisten, bereziki erori nintzen errebueltan. Hor ondo frenatu, hotzikara pixka bat gorputzean sartu eta ahots batek esaten du nire barnean «txo, kontuz ibili hadi». Untzagara iristean Maria non zegoen bila hasi naiz. Muxuak, besarkadak eta erronka/bidaia honen azken argazkia atera dugu.
Gurasoak, arreba, alabak, lagunak eta Maria, beti Maria. Horrela errazagoa da ‘Gipuzkoa herriz herri’ bezalako erronka bat egitea, edo esklerosi anizkoitza edukitzea.
Orain egindakoaz gozatu eta hausnartzeko unea izango da, eta egitasmoaren bigarren zatiari ekiteko: elkarrizketei! Laster nobedade gehiago!
Begira nolako argazki ederrak atera dituen gaurkoan ere Dabidek: