Amama donostiarra nuen baina, bitxia izan daitekeen arren, gutxitan ibilia naiz Donostia inguruan bizikletan. Horregatik neukan gogoa egin berri ditudan bi egun hauetarako.
Bosgarren etapa
Donostia inguruko lehen etapan bidelagun izan nuen Iker, unibertsitateko gelakide eta laguna. Arazo tekniko txiki batzuen ostean Anoetatik irten, Loiolara jo eta ibaian gorantz jo genuen Astigarraga eta Hernani aldera.
Urnietatik Andoain aldera hartu genuen ondoren. Andoain gorriz markaturiko herria denez, zalantzan nengoen ea pasa ahal izango ote ginen. Arauak irakurrita argi dago ezin dela bat gorrian dagoen herri batetara joan kirola egitera, baina ni ez nindoan bertara, bertatik pasa behar nintzen, ñabardura bat, baina ez nekien interpretazio bera izan zezakeen bidean aurkitu nezakeen poliziak. Beno, ez zegoenez inor, azkar-azkar pasa ginen eta argazkia ateratzera herriaren irteeran geratu ginen. Lasarte-Orian Iñaki unibertsitateko irakaslea ikusi behar genuen baina ez ginen koordinatu, lastima!
Oria pasa eta Zubietan barrena joan ginen Usurbilera. Han geneuzkan zain Beñat eta Oiertxo. Bidelagun izan genituen Txokoaldera arte, bide lasai eta atseginean. Oria gainerako zubian esan genion agur elkarri, guk Aginaga eta Oriorantz hartzen genuelarik.
N634ko tarte horretan zenbat txirrindulari ikusi ote genituen? 200? 300? Oriotik Mendizorrotz eta Igeldorako bidean makina bat ikusi genituen, eguraldi ederra izan baikenuen atzo. Azkar-azkar jatsi ginen Antiguara eta handik The Loafen dendara jo genuen, zain baitzen bertan Txomin kanelazko opil banarekin.
Seigarren etapa
Gaur ez nekien ea irten ahal izango ote nintzen. Euri pixka bat zegoen iragarrita goizerako, eta jaitsietarako errespetua ematen dit lur bustiak, iraileko kolpearen ostean. Baina gogoak gehiago tiratu du beldurrak baino, eta irtetea erabaki dut. Lezoraino lehor iritsi naiz, baina zirimiri apur bat egin dit Jaizkibel igotzen hasi eta berehala. Ez du asko iraun euriak eta lehor egin dut igoera gehiena. Majo gozatu dut telebistan hainbestetan ikusi baina inoiz bizikletan igo gabea neukan mendate honetan. Argazkia eta txioa bota dut, baina, gajoa ni, ez nekien zer zetorren ondoren.
Hondarribian pixka bat galdu ostean Txingudiraino iritsi naiz eta aspaldian bisitatu gabeko Hendaiarantz begiratzeak tristura eta poz pixka bat eman dit. Hor jarraitzen du. Eta ez da gutxi. Irun pasa eta Erlaitz mendate famaturantz jo dut, Donostiako klasikoa amaitzear banengo lez. Hor hasi da ganoraz euria egiten, malda zailenetan sartzearekin batera blai eginda nengoen jada. Gustura igo dut, esaera zaharra nire eginaz, baina, sinistuidazu, hor bazegoen aldapa. Tontorrean dei bat egin eta Gurutzerantz jo dut, Edurne eta familiari kasu egitera. Besarkada beroa eman diogu elkarri, baina ni jada hoztuta nentorren.
Jo, Oiartzun eta Errenteria dardarka pasa ditut. Ez dut harrokeriaz esaten, eta pena ematen dit Beñat eta Lizarri kasu ganoraz ez egin izana.
Gainera, buruan neukan plana Pasai Donibanetik San Pedrora txalupan pasatzea zen. Hurrengorako. Oraingoan hotzak akabatzen nentorren. Pentsa, Errenteriatik aurrera izan ditudan aldapak baliatu ditut topera igo eta barrena berotzeko. Baliagarriak izan dira, bai ba! Donostiako Boulevardean sartu naiz Klasikoa irabazi izan banu moduan, edota Armstrong-ek azken postua egin zuen edizio famatu hartan bezala bera nintzela zirudien.
Hori bai, bada ekimen honek argi uzten didan gauza bat: lagunekin errazagoa da!
Bi etapa hauek amaituta, ekimenaren lan erditan nago, hamabi etapatatik sei eginda eta, aizu, poz-pozik nago ederra izaten ari baita.